XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Kontzientziatzea geroago dator.

Eta kantatzen haste horrek, kasu bakoitzean, bere alde edo sahiets partikularrak ditu.

Raimonek berak aitortzen zuen, bere herriko irrati batetan lan egiten zuela, eta musika asko entzuten zuela.

Musika asko entzuten zuenak ezagutzen ahal zituen, esate baterako, Ipar eta Hego Ameriketako protesta-kanta, edo eta Frantzian gerra bitartean eta gerra ostean sortu eta landu zen literatur kanta.

Michel Labegerieren ondotik kantatzen hasi zirenak, musika-mota horietaz kutsatuta zeuden, eta gainera, Kataluniako Cançó delakoa hasita zegoen.

Hori esan genezake musik iturburuen aldetik.

Gero, noski, bazeuden beste arrazoi batzu.

Ez da ahaztu behar, euskal kanta jaiotzen deneko urte horien inguruan, beste gauza batzu jaiotzen direla beste arlo batzutan.

Politik mailan, ETAren haserak dira.

Kultur mailan, ikastolak...

Badirudi urte horietan Euskal Herria, beldurrez jositako lozorrotik esnatzen hasten zaigula.

Luze joko liguke, haserako euskal kantarien hastapenak banan banan aztertzeak.

Liburu bat osatzeko ainako materiala badago horretan.

Egia esan, ez dakit zergatik ez den oraindik osatu (honek beste arazo batetara eramango gintuzke, prentsa-arazo larritara, hain zuzen).

Mikel Laboa, esate baterako, Zaragozan zegoen Midikuntz ikasketak egiten.

Hego Ameriketako folklorezale sutsua zen, eta Yupanki eta abarren abestiak kantatzen zituen.

Baina euskal ikasleen artean zegoen giroak eraman zuen euskal arlora.

Ikasketetako lagun batek utzitako diska batez hasi zen Bereterretcheren kanthoria ikasten.

Eta Osasunak Zaragozan jokatzen zuen egun batez, Hogar Navarro delakoak antolaturiko jaialdi batetan (Teatro Argénsola-n) kantatu zuen lehendabiziko aldiz Mikel Laboak, 1963.ean.

Modu batera edo bestera, besteak ere hasi ziren.

Lurdes Iriondok, gaixorik egonki, etxean ikasten zuen gitarra jotzen, eta Juan Mari Lekuonak euskarara itzulitako kanta batzu zituen bere errepertorioan: ().

Egun batez, norbaitek entzun zion, eta Andoaingo ikastolaren aldeko jaialdi batetan parte hartzeko eskatu.

Eta horrela hasi zen.

Ez da ahaztu behar Nemesio Etxanizek eduki zuen garrantzia.

1951. urtean Kanta kantari kantutegia argitaratu zuen.

Oilar goiztarra benetan.